Zer da "Legorretan herritarren partaidetza finkatzen eta sendotzen" prozesua?

Legealdiz legealdi, Legorretako Udalak ahalegin berezia egin du legorretarrei hitza eman eta entzuteko, herritarrek Udaleko gestioan eta erabakietan zeresana izan dezaten. Horren adibide da, besteak beste, 2015ean herriko zinema berritzeko egindako parte hartzeko prozesua.

Legorretako Udalak beste urrats bat egiteko premia antzeman du, etorkizunera begira. Izan ere, unean uneko prozesuak baino gehiago, urrutiago jo nahi du Udalak, kuantitatiboki zein kualitatiboki herritarren partaidetza areagotzeko xedearekin, egunerokoan sortzen diren kezka eta galdera batzuei erantzuna aurkitu nahian: zer tresna edo baliabide jarri behar ditu Udalak herritarrei galdetzeko eta iritzia eskatzeko? Noiz edo zertarako galdetu zuzenean legorretarrei? Non daude demokrazia ordezkatzailearen mugak eta non hasten da demokrazia zuzena? Nola areagotu herritarrek parte hartzea eta herrigintza?... Udalak zabalik ditu ateak herritarrek parte har dezaten, eta Udalean errotuta dago lantaldeka funtzionatzea, lan egiteko era horrek badauka ibilbide luzea herrian. Baina Udalak beste pauso bat eman nahi du, eta partaidetzaz herri-eragileekin eta herritarrekin batera hausnartuta, etorkizunerako balioko duen tresna edo baliabide nagusi batean pausoak eman: Herritarren Partaidetzarako Ordenantza. Horretarako jarri du martxan parte hartzeko prozesu hau.